Kaixo zibakideok.
Hemen duzue Hego Uribeko “Geuria” herri komunikabidean aurtengo irailean argitaratutako artikulua.

 Pandemia aurretiko jarduerak eskainiko ditugu berriro

“Jantoki aldian Euskaraz jolasean” proiektua jarri dute berriro martxan Kukullaga ikastetxean, umeen artean euskararen erabilera sustatzeko

Umeen artean euskararen erabilera sustatzeari begira ‘Jantoki aldian Euskaraz Jolasean’ proiektua berrabiaraziko dute Etxebarrin. Proiektua Ziba Elkarteak jarri zuen martxan 2011-2012 ikasturtean Kukullaga ikastetxearen koordinazioarekin eta Udalaren diru-laguntzarekin batera. Leixuri Calurano Freire, Leire Sandonis Oleaga eta Silvia Saenz Rivas Guraso Elkarteko kideekin batu gara eta proiektuaren inguruan hitz egiteaz gain, euskararen egoeraz berba egin dugu.
Zer da “Jantoki aldian Euskaraz Jolasean”ekimena?
Jantokiko tartean, Kukullagako ikastetxean Lehen Hezkuntzako eta Haur Hezkuntzako 5 urteko geletan garatzen den proiektua da. Ziba Lehen Hezkuntzan eta Dilin-Dalan Haur Hezkuntzan. Helburuak dira umeek euskararen erabilera eta balio hezkuntza sustatzea, baita euskara adierazpide ludikotzat hartzea ere.
Zergatik erabaki zuen Guraso Elkarteak martxan jartzea proiektua?
Eguerdiko aisialdian umeei hainbat jolas aukera emateko, euskara era ludikoan erabiltzeko eta egun euritsu edo hotzei irtenbide bat emateko.
Guraso Elkarteak, Ziba Elkarteak eta Kukullaga ikastetxeak eta Etxebarriko Udalak elkarlanean antolatzen duzue ekimena.
Bai. Guztion artean antolatzen dugu programa. Guztion partaidetza beharrezkoa da bakoitzak hainbat zeregin baititu. Ikastetxeak espazio libreak uzten ditu, baina Lehen Hezkuntzako eraikinean ez da erraza izaten ari, izan ere, ikasle kopuru handia dagoenez, eguerdian espazio libreak topatzeak buruhauste bat baino gehiago sortzen du. Guraso Elkartea matrikulazioaz eta umeen zerrenda orokorra egiteaz arduratzen da. Guraso Elkarteak baliabiderik ez duten familiei laguntzen die, baldin eta frogatuta badago haurrek proiektua aprobetxatzen dutela eta onuragarria dela haientzat. Ziba Elkarteak umeen taldeak, ordutegiak eta espazioak antolatzen ditu, begiraleen kontratazioa egiten du eta ekintza eta tailerrak prestatzen ditu. Eta Etxebarriko Udalak %70 diru-laguntza ematen du proiektua aurrera eraman ahal izateko. Kopuru oso handia da, horrela familiek ahalik eta gutxien ordain dezaten. Horrez gain, ikasturtean zehar partaide guztiok hainbat bilera antolatzen ditugu proiektua martxan jarri eta jarraipena egiteko. Haurrentzat onena lortzen saiatzen gara, eta helburu komun horrek batzen gaitu.
Pandemian euskararen erabilera sustatzeko baldintza egokiak bermatzea oso zaila izan zela diozue.
Zaila da Covid-19a geldiarazteko ezarri dituzten babes neurriengatik. Umeen taldeak egonkorrak izan behar direnez, espazio gehiago behar dira eta hain zuzen ere gure ikastetxean espazioen gabezia nabarmena da. Pasa den ikasturtean, proiektua ohi baino astebete beranduago hasi zen eta Lehen Hezkuntzan baino ez zen egin. Ikasle guztiei zuzenduta egon zen eta familiei borondatezko kuota ezarri genien: ikasturtean 30 eurokoa, alegia. Besteak beste, tailerrak desagertu ziren eta denbora pilo bat murriztu zen, astean asko jota ordubete eta ordu laurden bat astegun bat edo bitan banatuta. Kontuan izan behar da pandemia baino lehenago umeek egunero aukera izaten zutela ekimenean parte hartzeko. Bestetik, liburutegia, balio-anitzeko gela edota gimnasioa ezin zirenez erabili, jolastokietan egiten zen, talde bakoitza bere burbuilan sartuta. Eskerrak urtarriletik aurrera ikastetxeko beheko jolastokia estali zuten eta era horretan egun euritsuetan espazioa eskuratu zen. Baina, hala eta guztiz ere, zarata gehiago zegoen eta horrek begiraleentzako umeen arreta mantentzea zaila izatea eragin zuen.
Aurten “proiektuaren izpiritua” berreskuratu nahi duzue. Zer esan nahi duzue horrekin?
Hala da. Haur Hezkuntzako bost urteko umeekin proiektua berreskuratuko dugu eta Lehen Hezkuntzan tailerrak antolatu nahi ditugu, hala nola, zientzia, artea, jolasiklatu eta dantza. Azken finean, Covid-19aren pandemia iritsi baino lehen egiten ziren jarduerak eta ekintzak eskainiko ditugu berriro. Pandemia garaian ikasleek euskararen erabileran izan zuten galerari aurre egiteko neurri gisa, 2021-2022 ikasturtean ohikoak izan diren tailerrak eta jardueran martxan jartzeko apustua egin nahi dugu. Horrek ahalegin berezia suposatzen du, Gurasoen Elkartearentzat antolamenduaren kudeaketan, ikastetxearentzat espazio eta azpiegiturak eskaintzeko eta Udalarentzat, laguntza ekonomikoa bermatu behar baitu.
Guraso Elkarteari dagokionez, zelan egingo duzue kudeaketa?
Guraso Elkartetik Udalarekin batera ikastetxeari espazioak eskatzen aritu gara eta oso tematiak izan gara horretan. Proiektua aurrera eramateko ezin zela edozein modutan eskaini argi geneukan, eta hainbat bilera egin eta gero ikastetxearekin adostasun batera heldu ginenez, espazio berriak eskainiko ditugu.
Espazio arazoak dituzuela diozue. Ikasturte honetan non egingo dira jarduerak?
Pasa den ikasturte amaierako balorazioa egin eta gero, aurten jolastokietan ez egitea erabaki dugu. Argi daukagu proiektuak merezi dituen baldintzetan atera behar duela aurrera, eta horretarako ikasturte honetan beste espazioak erabiliko ditugu. Haur Hezkuntzako eraikinetan portxeak eta psikogelak erabiliko dira, eta Lehen Hezkuntzan 1. eta 2. mailakoek gimnasioa erabiliko dute, eta 3., 4., 5. eta 6. mailakoek balio anitzeko gela, musika gela edota liburutegia erabiliko dituzte. Proiektua apurka-apurka bere hasierako erara bueltatzen ari dela sumatzen dugu eta horrek asko pozten gaitu. Pandemia oztopo itzela izan arren, inoiz ez da eten proiektua, pasa den ikasturtean beste era batean eskaini baikenien umeei euskaraz disfrutatzen jarraitzeko. Euskararekiko konpromisoa inoiz ezin da eten.
Urrian hasiko da programa.
Bai. Urriko bigarren edo hirugarren astean hastea aurreikusten dugu. Irailaren 13tik 20ra bitartean izena emateko epea egongo da zabalik, eta hortik aurrera Ziba Elkartea arduratuko da tailerrak eta jarduerak antolatzeaz. Maiatzean amaiera emango diogu ikasturteari.
Jantoki orduetan izango da ekimena. Jantokira ez doazen umeek ere parte har dezakete?
Ez. Programa jantokian geratzen diren umeei bakarrik zuzendua dago.
Umeek gero eta gutxiago egiten dute euskaraz kalean?
Nire ustez, kalean gero eta euskara gehiago entzuten da, baina ez da nahikoa. Euskara gehiago entzun beharko genuke Etxebarriko kaleetan, kontutan izanda ume guztiak euskaldunak direla, eta guraso asko ere, euskaldunak direla. Hizkuntza ohiturak aldatu beharko genituzke, Txip aldaketa bat egin beharko genuke,kontzienteak izan, ahalegina egin eta hizkuntza ohiturak aldatu.
Zer egin beharko litzateke egoera aldatzeko?
Argi dago aldaketa norberak bere buruan, bere etxean, bere giroan egin behar duela. Etxebarrin —eta beste herri askotan— euskara oso lotuta dago hezkuntzara eta hau oso arriskutsua da. Umeek eta familia askok uste dute euskara eskolako hizkuntza dela. Baina kalera ere zabaldu behar dugu. Etxetik aldatu behar da ohitura hori. Nahiz eta familia euskalduna ez izan, euskararekiko jarrera ona izan behar dugu, euskara ikastea positibotzat hartu, oso aberasgarria delako hizkuntza bat baino gehiago ikastea, eta ahal den heinean gurasoek euskara ikastea, inoiz ez delako berandu. Bestetik, familia euskaldunek euskara kalean gehiago zabaldu beharko lukete, dakitenekin beti euskaraz egiten.
Gurasoek ahalegin handia egin behar duzue euskara umeekin egunerokoan erabiltzeko?
Bai, pena da, baina herri erdaldun batean bizi gara. Hala ere, oso positiboak gara, eta uste dugu guztiok pixkanaka-pixkanaka euskararekiko jarrera positiboa landuko dugula. Euskara etxean eta kalean zabaltzen badugu, Etxebarri gero eta euskaldunagoa bihurtuko dugu.
Guraso Topagunea programa ere martxan du Guraso Elkarteak. Elkar elikatzen al dira bi proiektuak?
Bi proiektu desberdin dira. Guraso Topagunea gurasoei laguntzera bideratuta dago, beren seme-alaben hazkunde-faseetan dituzten beldur eta galderekin. Hala ere, bi proiektu horietan euskara gai komuna da, gurasoei tresnak ematen saiatuz beren seme-alabei etxeko lanak egiten laguntzeko, nahiz eta euskaraz ez jakin, eta ahal den neurrian erabilera sustatzen saiatzen gara.