NERABEAK: KRISI EMOZIONALA, NORTASUNA SENDOTZEKO AUKERA

Krisialdi egoera honetan murgilduta egonez, 2020ko apirilaren 19an igandeko GARA egunkarian Amaia Ugarteren erreportaia irakurri ondoren, oso hausnarketa egokia iruditu zaigu gure hezitzaileei helarazteko.

Nerabe bakoitza mundu bat da. Bakoitzak bere bizipenak ditu, eta bere berezitasunak. Eta derrigortutako itxialdi honetan ere gazteak bere partikulartasunetik erreakzionatzen du. Hortik aurrera, etxe bakoitzean mundu bat. Baina serio kezkatzeko arrazoirik ez, adituek diotenez, egoera iragankorra baita. Gazteak ez daude honetara ohituta, gu ere ez, eta egoera latzek sendotzeko balio dute.

Ezohiko erretiro honek hankaz gora jarri gaitu guztiok: lana, ohiturak, aisia… azken batean gure bizimodua. Eta adrenalina borborka eta hormonak dantzan dituen nerabe bat etxean izatea ere erronka da. Haur batentzat gurasoak egunaren 24 orduetan berarekin izatea pozgarria izan daiteke, atentzio osoa bereganatuko duelako; nerabe baten kasuan, ordea, aurkako efektua eragin dezake, eta adin horietan ohikoak izaten diren gatazkak areagotu egin daitezke eta elkarbizitzan eragin.

Haserrea. Bi astez (hasieran) konfinatuta egon behar genuela jakin zuenean izan zuen lehen erreakzioa. Haserre handia, frustrazioa eta protestak, kexak. Egun osoa etxean sartuta, kalera atera ezinik, lagunak ikusi gabe eta, gainera, gurasoekin, 24 ordu haien kontrolpean. Itota.

Norekin ordaintzen dute frustrazio, umore txar hori? Aita-amarekin, anai-arrebekin…etxekoekin, azken finean. Presio eltze baten modura, barruan daramaten energia guztiak eztanda egiten du. Eta ingurukoak, haiek ere lau pareta artean itxita, ohi baino urduriago, aztoratuago… talkak seguru. Ataka horretan, nola ulertarazi nerabeari berarentzat «kaka bat» den itxialdi derrigortuaren garrantzia eta osasun krisiaren larritasuna?

Etxean itxita egon beharraren aurrean, frustrazioa, haserrea eta are agresibitatea «ohiko erreakzio» gisa onartu behar ditugula diote adituek. Eztabaidak gordindu eta areagotu egin daitezke, ez baikaude egoera normal batean, eta gure baliabide psikologikoak hankaz gora jarri dira. Nola kanalizatu hori? «Bakoitzak bere portaeraz erantzun behar du. Hori nagusiok argi izan behar dugu. Eztabaida baten aurrean, mozten jakin behar da. Egoera zailak ezin dira derrepentean konpondu. Eztabaida bat eduki ondoren, mintzatu egin behar gara horretaz, barealdian».

Kepa Torrealdea psikologo eta Zeuk Esan zerbitzuaren koordinatzailearen gomendioa da. Lakuako Gobernuaren Gizarte Politiketako Sailaren nerabezarorako laguntza zerbitzua da Zeuk Esan; hara jo dezakete kezkaren bat baldin badute, hitz egin nahi badute, laguntza edo aholkuren bat behar badute edo jazarpena jasaten badute, telefonoz nahiz sare sozialen bidez.

Konfinamendua hasi denetik gora egin dute kontsultek, normalean astebetean jasotzen dituztenak bikoiztu egin dira, eta deiak dibertsifikatu. Heren bat gazteek eginikoak dira, beren bizipenak kontatzeko. Beste heren bat gurasoenak, etxean adingabeak dauzkaten ama/aitenak, eta beste herena etxean adingaberik ez duten helduenak.

Telefono bidez egiten dituzte gazteek kontsulta gehienak, normalean «gainezka eginda» daudenek: «Ezinegonak, urduritasunak jota… Txarto sentitzen dira, ez daude ohituta etxe barruan egoten, ez dakite zelan eman eguna, luze egiten zaie, batzuetan etxe txikia izaten da, gurasoekin topatzen dira behin eta berriro… Estrategia modura beren gelan sartzen dira, orduak pasatzen eta ahal duten bezainbat lagunekin Skype bitartez edo telefonoz kontaktua mantentzen. Egoera horri zelan aurre egin, kezka eta larritasun hori daukate».

Teknologia gaindosia

Torrealdearen arabera, faktore komuna da agertokia aldatu egin dela eta nerabeak kanpoan egiten duten bizimodura egokitu beharrean daudela baina etxe barrutik, bide telematikoen bidez kontaktua mantendu nahian, beren egunerokoan dena aldatu zaielako.

Bide telematikoak. Sare sozialak, txatak, jokoak… lagunekin harremanetan jarraitzeko ezinbestekoak. Egun osoan konektatuta. Lehen ere bai; orain, are gehiago. Kezkatzekoa da, arriskutsua izan daiteke?

Gazteek sare sozialen eta teknologien gehiegizko erabilera egiten dutela ez da kezka berria, aspaldikoa da, baina «horren harira gauza gutxi egiten dira». Nolanahi ere, Torrealdeak ez du uste itxialdi honek «aparteko larritasunik gehituko dionik» nerabeen portaera horri. Ikasketak ere modu telematikoen bidez egin behar dituzte orain, eta, beraz, erabilera horri «beste plus bat emango diote».

Gaindosia izango dutela? Bai, kontuan hartu behar da «sare sozialak askok eta askok gorputzaren luzapen bat izango balira bezala dauzkatela, eta une honetan normala da erabilera gehiago ematea, baina hortik ez dator larritasuna, ze hau egun batzuetarako kontua baino ez da eta gero lehengora bueltatuko gara».

Sare sozialek eta teknologiek egoera honetan, badute beren alderdi «ona» ere. Telefono bidez jaso dituzten deietan gazteen kezka amankomuna «ezinegona» izan da, baina bide telematikoetatik jaso dituzten kontsultetan, berriz, alderdi positiboa ere antzeman dute Zeuk Esaneko adituek. «Portaera nahiko proaktiboa izaten ari dira, elkarlaneko eginkizunetan, ekimenetan parte hartzen ari dira».

Edozein kasutan, etxe barruko giroa, gurasoen jarrera, garrantzitsua da. Ez da gauza bera 5-6 urteko haur bat edo selektibitatea prestatu behar duen nerabe bat, baina gurasoek beti «zeresana eduki beharko lukete haien denboraren eta eginkizunen kudeaketan», azken finean «irakasle» ere bihurtu dira egunotan.

Ikasketak. Hori ere etxetik. Irakasleen kontrol zuzena edo presentziala ez izateak ikasle asko erlaxatzera eraman ditzake, arrisku hori badago, eta hor berriro ere gurasoen ardura funtsezkoa da. «Ikasketekiko duten portaera ez da irakasleen erantzukizuna bakarrik; gurea ere bada; sakoneko erantzukizuna gurea dela esango nuke», esan du Torrealdeak.

Alderdi horretan indarra egiten du adituak: «Denok izan behar ditugu gure erantzukizunak etxeko giroan. Arauak partekatu egin behar dira beraiekin. Mahai inguruak egin noizbehinka, eta bakoitzari bere askatasuna eman. Baina arauak arau dira».

Hitzen bidez emozioak baretu

Zeuk Esanera egonezinak edo urduritasunak jota deitzen duten gazteei laguntzeko formula orokorra hitz egitea da, koordinatzaileak azaldu digunez. Zergatik? «Askotan ezinegonarekin deitzen duten gazteek sentipen hori gogor, bortitz sentitzen dutelako, baina bizipen konkretu hori islatzeko hitzik ez dute topatzen, eta hor hutsunea dute, nola transmititu sentitzen dutena».

Zerbitzuko psikologo eta gizarte-hezitzaileekin elkarrizketan, gazteak beren narratibaren, errelatoaren, bitartez hurbiltzen dira «beraiek sentitzen dutena eskuen puntekin ukitzera».

Izan ere, hitzek emozioen indarra baretzeko efektua dute. «Askotan kontatzea da, gaur zer egin duzu, nola sentitzen zara, nolako kezkak dituzu, zer pentsatzen duzu egin dezakezula hemendik ateratzen zarenean, eskolan zelan zabiltza, zein dira zure lagunak… beraien testuingurua errelatatzea, hori da inportantea beraientzat».

Gurasoei ere horixe aholkatzen diete, metodo modura «hitz egitea beste intentzio aparteko barik, mutikoak edo neskatoak jakitea, sentitzea, entzuten ari garela. Norbait dagoela beren ondoan baina benetan, ez estrategikoki, baizik eta jakiteko, kezkatuta».

Gurasoen kezkak

Gazteen moduan, aita-amek ere jo dute egun hauetan Zeuk Esanera, egoera hau kudeatzeko zailtasunekin. «Nazkatuta nago, ezin dut eraman seme-alabekin errutina hau, kezkatuta nago beraien portaeraz, ez didate berbarik egiten, senar edo emaztearekin muturtuta nago…» Etxe guztietan izaten diren egoerak, baina larrituta, «ez daukagulako etxeko atea zabaldu eta kalera ateratzeko aukerarik gure bizipenak bentilatzeko».

Horregatik, Torrealdearen esanetan, garrantzitsua da «gazteek jakitea gu geu ere egoera berean gaudela, ez daukagula nolabaiteko abantaila moralik beraiekiko eta gu ere ohitu behar garela egoera zail honetara».

Aditu honek dioenez, «nerabe batentzat erabat terapeutikoa da gurasoek ere berari esatea: ‘aizu, neu ere ez nago guztiz ondo, nik ere baditut nire gorabeherak’. Ez dut esaten horizontaltasunik egon behar denik, gurasoa beti baita guraso, baina jakin dezala norbera ere hezur-haragizkoa dela, guk ere arazoak baditugula». Gure arazoak seme-alabei kontatzea «beraien koraza biguntzeko» modua da.

Nerabe bakoitza bere bakantasunean hartu behar denez, itxialdiak eragiten dien «krisialdi emozionala» ez da berdina gazte guztientzat. «Desoreka puntu bat» sortuko da, egoera «desegokia» delako, baina kasu gehienetan «ez da kezkatzekoa», eta «gogorra den arren, ez gaitu eraman behar arriskuak ikustera». Aitzitik, beraien nortasuna «sendoago atera daiteke trantze honetatik, nahiz eta horrela ez dugun eta ez duten ikusten orain». Izan ere, «normalean, egoera latzek sendotu egiten gaituzte».

 

 

Zeuk Esan, adingabeei laguntzeko eta aholkatzeko zerbitzua

Zeuk Esan zerbitzuak hamar urte eta erdi bete ditu haur eta nerabeei laguntza eskaintzen. Doakoa eta anonimoa da; alde batetik, telefono zerbitzua eskaintzen du (116 111), eta bestetik, telematikoa (sare sozialak, postontzia…). Hiru psikologo eta gizarte-hezitzaile daude zerbitzu horren atzean, haur eta nerabeen arloan adituak.

Zeuk Esanera jotzen dutenei aholkularitza eskaintzen diete, kasu bakoitza bere berezitasunean hartuta. Bullying kasu bategatik edo etxeko iskanbila bategatik deitu, gazte bakoitzak bere sentipenak ditu eta horrelako egoerei aurre egiteko modu partikularra du, eta horregatik partikulartasun horretara hurbiltzen ahalegintzen dira, «horien egoerei egokitutako erantzunak emateko».

«Guk deitzen dutenen narratiba entzun ondoren, beraiek dauzkaten arazoak entzun ondoren aholkatzen dugu», azaldu du Kepa Torrealdea koordinatzaileak. «Askotan gakoa ez da izaten erantzun bat edo bestea, baizik eta gazte bakoitzari lagundu ahal izatea bere erantzuna berak topatzen».

Urte hauetan guztietan 10.000 kontsulta inguru jaso dituzte; iaz milatik gora izan ziren, horietatik %90-93 telefono bidezkoak eta gainerakoak bide telematikoak erabilita. A.U.