Kaixo lagunok !!!
2021eko irailean Sestaoko Angela Figuera institutuan DBHko 1. eta 2. mailako ikasle ijitoekin HBI edo INE Plana garatzeari ekin genion zuzendaritza taldearen , bi irakasleen eta gizarte hezitzaile baten laguntzarekin. Hemen duzue planaren argibidea.
2021/22 ikasturtean zehar eskola-esparruan ikasle ijitoentzako hezkuntza-jardueren garapena (HBI / INE Plana)
Hezkuntza-sistemak behar diren estrategiak eta baliabideak izan behar ditu, ikasle ijitoak, eskola-arrakasta lortzeko, gainontzeko ikasleen egoera berberetan egon daitezen.
Eskolak biztanleria guztia hartzen du, derrigorrezko eskolaldian behintzat. Eta eskolaldi hori nahitaezko izanik, honako konpromiso hau du: pertsona guztiei beren ahalmen-gaitasunak ahalik eta gehien gara ditzaten erraztea, gizarteratzeko eta laneratzeko aukera izan dezaten berdintasun-baldintzetan.
Helburu horiek lortu eta ijito-herriak zor zaion lekua izan dezan, kulturarteko hezkuntza-proiektu bat behar du eskolak, indarra jar dezan desberdintasunak gainditzeko eta ikasle bakoitzaren premiak kontuan hartzeko. Segregazio-proposamenak alde batera utzita, eskola inklusiboaren esparrua funtsezkoa da helburu horiek lortzeko gizarte-kohesioko eta berdintasuneko testuingurua sortzeko, betiere desberdintasuna errespetatuz.
Gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoan 0 urtetik aurrera bermatzen da hezkuntza, eta derrigorrezkoa da 6 urtetik 16 urtera bitartean. Dena den, haurrak adin zehatz batzuetan eskolatze hutsak ez du, hezkuntzari begira, berdintasuna bermatzen.
Nahiz eta haien eskolaratzeari dagokionez aurrerapen handiak izan diren azken urteetan, ikasle ijitoen eskola-arrakasta ez dago gure erkidegoko ikasle gehienek duten maila berean. Honako oztopo hauek daude oraindik:
-
ijitoen kulturarekiko ezjakintasuna eta ijito-herriaren egiazko egoerari eta ijito-familien garapena oztopatzen duten dinamikei edo barrerei, eta, oro har, egungo gizartean berdintasun-ezak areagotzen dituzten dinamikei buruzko hausnarketarik eza;
-
ijitoei buruzko aurreiritzi eta estereotipo ugari egotea, ia beti negatiboak, eta
-
itxaropen gutxi egotea ikasteko aukerei edo interesari begira, eta horrek era negatiboan eragitea ikasleen itxaropenei, baita eskolari eta prestakuntza orokorrari begira dauden jarrerei ere.
Oztopo horiek gainditzeko, Hezkuntza Saila Herri Ijitoaren Estrategiarekin lan egiten ari da; era berean, kolektibo horri beste neurri eta programa batzuetan parte harrarazi nahi dio, ikasle guztien aniztasunari erantzun bat emateko.
Jarduerak Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan, irakasleen zuzendaritzapean, ijitoen eskola-arrakasta areagotzeko eta ijitoak dauden ikastetxeetan kulturen arteko bizikidetza hobetzeko asmoz antolatuko diren guztiak izango dira.
Jarduerak eskola-ordutegian zein eskolaz kanpoko ordutegietan garatuko dira eskola-egutegiaren barruan, irakasleekin lankidetzan. Jarduera horiek alderdi hauek barne hartuko dituzte:
a) Ikasle ijitoen eskola-arrakasta handitzekoak:
I.– Zenbait ekintzetan lankidetzan jardutea –ekintza horiek irakasleek diseinatu eta gainbegiratuko dituzte, eta, hori dela eta, eskola-inklusioaren ikuspegitik zeharkako konpetentzien garapena bultzatzeko laguntza emango die ikasleei–, lehentasuna talde-ikasgelaren barnean egiten den lanari emanez beti.
II.– Ikastetxearekin lankidetzan jardutea, ikaskuntza hobetzen laguntzen duten eskola-programetan eta eskolatik kanpoko programetan, ikasle ijitoek jarduera horietan gehiago parte hartu dezaten (Bidelaguna, ikastetxeko eta auzoko liburutegiak, tailer sozioedukatiboak, eskolatik kanpoko jarduerak…).
III.– Ikasleen banakako jarraipenean tutoreekin lankidetzan jardutea, irizpide inklusiboetan oinarrituta egiten diren tutoretzetan ere parte hartuz.
IV.– Taldeko tutoretza-saioetan parte hartzea, tutoreek hala eskatzen dutenean.
V.– Ijito-herriari ikastetxe barruan bistaratzen laguntzeko jarduerak.
VI.– Ikasle ijitoen arrakasta sustatzen eta zabaltzen dutenak, esaterako, ikastetxean eskola-arrakasta izan duten ijitoak egotea edo ikasle ijitoekin topaketak egitea.
b) Hezkuntza-komunitatean kultur arteko bizikidetza hobetzera zuzendutakoak:
I.– Seme-alaben hezkuntza-prozesuan familien parte-hartzea sustatzen duten jarduerak, erantzukizunaren, lanaren eta ikasketa- nahiz lan-ohituren garapenean laguntzeko.
II.– Bizikidetza hobetzen laguntzen duten jarduerak, hezkuntza-kidegoaren partaidetzarekin (ikasleak, irakasleak, senideak, gizarte-eragileak…).
III.– Eskolarik gabeko uneetan ikastetxeek ijitoen erakundeekin zuzeneko lankidetzan antolatutako jarduerak.
Iruzkin berriak