INE Plana: “Tren geltokian helmuga asko daudela ikus dezaten”
INE Plana 2021/22 ikasturtean zehar, ikasle ijitoak, eskola-arrakasta lortzeko, gainontzeko ikasleen egoera berberetan egon daitezen Sestaoko Angela Figuera Institutuan garatzen ari garen ikasketa-proiektua da. Hau, irakaskuntza eredu klasikoarekin hausten duen espazioa da eta aipaturiko arrakasta lortzeko, hezkuntza-sistemak estrategiak eta baliabideak izan behar dituela du oinarri.
Azken finean, eskolak pertsona guztiei ahalmen-gaitasunak garatzea du helburu, baina, estatistikek diotenez, askotan, nerabe eta ume hauengandino heltzea ezinezkoa egiten zaio. Ikasleak sistemara moldatu ala sistemak ikasleengana? Hantxe dago gakoa.
“Gure klasean ez gaude beti eserita, ezta isilik ere. Ez dugu zertan fitxa edo txosten pisutsuak bete behar, ezta liburuekin lan egin behar ere. Irakasleek esandakoa guk esandakoa bezain garrantzitsua da eta, gainera, ez gaude beti leku berean. Nahi izanez gero, kanpora, patiora, tailerrera edo frontoira joan ahal gara. Gure klasean ariketak amaitzeko behar dugun denbora daukagu, musika jar dezakegu eta bete behar dugun arau-zerrenda txikiagoa da. Gure klasean ijitoak izateak ez du garrantzirik eta gure nazioarteko eguna ospatzeko aukera dugu. Gela honen barruan gauzak aldatzen dira, ez dugu inor molestatzen eta lan egiten dugu. Pozik gaude hemen barruan”.
Horiek, hain zuzen ere, ikasleek komentatutako iruzkinak dira eta haiek inork baino hobeto dakite INE zertan datzan.
Hau lortzeko, giza zientzien arloko irakasle batek, arlo zientifiko-teknikoko beste batek eta gizarte hezitzaile batek osatutako lan-talde diziplinartekoan lan egiten dugu, Zuzendaritza, Ikasketa Burutza eta ZIBA elkarteko koordinatzaile baten laguntzarekin beti.
Laburbilduz, bakoitzarentzat norberaren mailara egokitutako ariketak prestatzen ditugu eta aisialditik lan egiten dugu, epeak eta betebeharrak albo batera utzita. Horrela, erritmoak errespetatzen ditugu, edukiak eta gaiak lantzen ditugu, ikasgaiak hobetzen dituzte eta mugak gainditzen doaz. Kurtsoa gainditzea ez da inola ere helmuga, baizik eta baliozkoak sentitzeko aukera eta zabor-saltzaileak edo kale-saltzaileak ez dutela zertan izan jakinaraztea. Ijitoak ez du zerikusirik ikasketak izan ala ez izatearekin.
Nolabait, gure eginkizuna tren geltokirako bidean laguntzea da, bertan joateko helmuga asko daudela ikus dezaten.
Aida García Orio (Gizarte hezitzailea)
Iruzkin berriak