AZAROAREN 25a “EMAKUMEEN KONTRAKO INDARKERIA DESAGERRARAZTEKO EGUNA”

Hezitzaile agurgarri hori:
Jakina denez, azaroaren 25a Emakumeen kontrako indarkeria desagerrarazteko eguna da. Mundu guztian eta adin guztietako emakumeek oraindik ere jasaten duten sexismoaren, desberdintasunaren eta indarkeriaren aurka borroka egitearen garrantzia azpimarratzeko eguna da.
Ikastetxeak, hezkuntza-agente gisa, erantzukizun saihestezina dauka indarkeria hori garaiz igartzeko eta kasu guztietan behar bezala erantzuteko.
Lan hori ez da erraza, indarkeria mota horrek era eta adierazpen asko baititu jendartean eta geletan. Adierazpen horiek oso normalizatuta ditugu, eta ondorioz, beharrezkoa da identifikatzen ikastea aurre egin ahal izateko.
Data horrek gogorarazten digu garrantzitsua dela zuen ikastetxeetan, komunitatearekin lankidetzan eta ikasturtean zehar, eta sistematikoki, ikasleak sentsibilizatzeko eta prestatzeko ekimenak egitea, ikastetxeko espazio guztietan matxismo eta indarkeria-egoerak detektatzeko. Eta azkenik, horiek detektatu ondoren esku-hartze zuzena egiteko Indarkeria matxistaren biktima diren haur, nerabe eta emakumeen arreta emateko ikastetxeentzako jarraibideak daude, ikastetxeei eskuhartze hori nola egin behar den laguntzeko.
Euskal hezkuntza-sistemarako Hezkidetzaren II. Planak, berdintasunaren eta tratu onaren bidean, hezkidetzaren zortzi zutabeak formulatzen ditu, eta zortzigarren zutabea “emakumeen aurkako indarkeria prebenitzea eta indarkeria kasuetan esku hartzea” da.
Hezkidetzagunean, aipatutako zutabea lantzeko material didaktikoak aurki ditzakezue hezkuntza etapa desberdinetan lantzeko.
Testuinguru horretan, jakinarazten dizuegu Sexu Osasun Programa aurkeztu dela Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleentzat. Programa honen egilea Maria Rodriguez sexologoa da eta Osakidetza eta Osasun Sailarekin kolaborazioan egin da. Bi gida eskaintzen dira, bat ikasleentzat eta beste bat irakasleentzat. Maria Rodriguezen hitzaldia eta material didaktikoak eskuragarri daude helbide honetan: Hezkidetzagunea. Material hauek lotuta daude gorago aipatutako zortzigarren zutabearekin.
*= (Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburua EAEko ikastetxeetara igorritako gutuna – 2024ko azaroa)

Iruzkin berriak