Lagun agurgarriok,

Mezu honekin, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak (HPS) kanpainaren berri eman nahi digu batetik, eta bestetik, ahal dugun neurrian gure esparruan zabal dezagun eskatu nahi digu.

Dakizuenez, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak (HPS) urteak daramatza ingurune digitalerako euskarazko edukiak eta bestelako baliabideak diruz laguntzen edo sustatzen. Hortaz, urte hauetan guztiotan, dirulaguntza deialdietan edo beste sustapen-lerro batzuetan parte hartu duten guztiei esker, euskarazko baliabide ugari aurki dezakegu ingurune digitalean euskaraz aritzeko. Alabaina, askotan ez da erraza izaten eduki edo baliabide horietara heltzea, horiek merkatuan euskaraz dauzkagula jakin ere, ez dakigulako. Ingurune Digitalean Euskara Sustatzeko Deialdian esleipendun direnei berariaz eskatzen diegu egiten dituzten produktuak zabaltzeko, eta egiten dute, baina, hala ere, askotan gerta daiteke nahikoa ez izatea eta produktu horiek Interneteko zabaltasunean galtzea, kasurik txarrenean, edo aurreikusitako erabiltzaile-kopurua txikiagoa izatea eta indarra galtzea.

Horretaz kezkatuta, eta EABren Ingurune Digitalean Euskara Sustatzeko Batzorde-atalean hainbatetan egindako gomendioa ere izanik, HPSk produktu horiek zabaltzeko kanpaina bat abiatzea erabaki du, nolabait enpresek edo eragileek  egiten duten zabalkunde lanari bultzada bat emateko. Zer esanik ez, pandemiaren garai hauetan sareko baliabideek hartu duten pisua ere kontuan hartu beharrekoa da.

Aipatutako kanpaina gizarte-sareetan burutuko da udan zehar (YoutubeInstagramTwitterFacebook), gaur bertan hasita, eta Eusko Jaurlaritzak inoiz sustatutako produktuak aukeratu ditugu zabaltzeko. Kanpainaren mezua da GOZATU SAREAN EUSKARAZ! Lehenengo fase honetan aisialdiarekin eta kirolarekin lotutako eduki eta baliabideak zabalduko dira. Hurrengoetan, berriz, beste baliabide batzuk zabalduko dira (kulturakoak, euskara ikastekoak…)

https://gozatusareaneuskaraz.eus/